2006/09/18

Ilargiraino eta buelta

Larunbat goizeko 09:00etan etxetik atera, eta atzo arratsaldeko 19:00etan buelta. Bi egun munduaren arrastorik gabe. Bi egun out. Bi egun zuekin. Bi egun, aspaldiko partez, ia guztiekin. Bai, badakit jende asko falta zela. Bazkaltzen ari ginela aipatu genuen Mixi bakarrik falta zela, baina nik Eider ere gogoan nuen, eta beste norbaitek Asier izango zuen gogoan, eta besteren batek Eba, eta norbaitek Iñigo, eta besteak Ainhoa, edo Oskar, Nagore, Bittor, Eneritz, edo akaso hemen idatzi ezin den norbait, ez dakit, baina kontua da azkar pasatu zitzaizkigula orduak, eta aspaldian bezain samur sentitu nuela jendea, eta orain batekin eta gero bestearekin aipatutakoa oroitzen dudala: pasatu daitezkeela hilabeteak, urteak edo dena delakoak bata bestearen arrastorik izan gabe, edota munduaren beste puntan egonda, edota auskalo zer, baina benetan norbait behar dugunean badakigula hor izango dugula edonor, edozertarako, eta handia dela hori.
Goizaldeko 05:00ak aldera taberna batean Pirritx eta Porrotxen Maite Zaitut abestia jarri zuten, eta erotu beharrean abestu eta egin nuen dantza. Baina Asti bakarrik zegoen orduan, eta Astirekin aritu nintzen saltoka abesti horrek iraun zuen bitartean. Eta bai, badakit gau osoan bati eta besteari “Asti onena da!” esanez jardun nuela, baina larunbat gauean sentsazio bereziarekin dantzatu nuen Maite Zaitut hori. Ez dakit zergatik, benetan, baina Maite Zaitut orokorrago bat zen, gustura, ia denak hurbil sentitzearena, hor gaudela jakitearena, eta hori konpartitzeko aukera dugula ikustearena.
Samurtasuna ez dugula galdu, alegia.
Handia da ez dakit zenbat denboran ikusi ez duzun norbaitekin solasean hasi, zerbait esan, eta hark zure blog bateko poema zahar baten esaldia aipatzea. Horrelakoak ez dira inoiz ahazten. Ez dut inoiz ahaztuko, Nagore. Ez dakit, baina Oiartzungo kilometroek, garai bateko koadrilen egunek, elkarrekin kanpin denda baten barruan emandako gauek, Erostarberen despedidak, Getariako parrandak eta beste hainbat momentuk utzitako arrasto bera utzi du asteburu honek nire barruan, baina plus batekin. Hilabeteak edota urteak zirela akaso batekin edota bestearekin hitz egin gabe luze, edo serio. Eta larunbat honetan bat harrapatu nuen, eta gero beste bat, eta hurrengoan bestea, eta beste bat… denak ez, noski, baina bai zenbait, eta denak gozada bat zaretela sentitu nuen. Gehiago ala gutxiago, baina badugula oraindik elkarrenganako zerbait. Maitasuna. Bai, maitasuna, lotsarik gabe.
Eskimalek elurra izendatzeko ehun izen inguru dituzte, eta guk guztiei elurra esaten diegu, bereizi gabe, haize ezberdinei haizea esaten diegun bezala. Guretzat lizarrak, pagoak, haritzak eta gainerakoak zuhaitzak dira, eta kurloiak, enarak, txantxagorriak eta gainerakoak, txoriak. Gero eta pobreagoak gara hizkuntza aldetik, eta maitasunari ere beste konnotazio bat hartzen diogulako akaso, edota zerbaitek lotsatzen gaituelako hitz horren aurrean, edo auskalo zergatik, baina sentimendu zehatz batzuei izen jakin batzuk ematerakoan erreparoak ditugu. Baina bi segundo pentsatzen jarri, eta argi daukat: maite zaituztet, ilargiraino eta buelta!
Larunbateko hainbat momentu eta argazki gogoratu, eta irribarre egiten dut. Oporraldi eder batetik bueltatzean bezala. Astelehena gogorra izan arren, lana gainezka eduki arren, maite dituzunei eskaintzeko ia denborarik ere izan ez arren, “berriro ere, noizbait iritsiko da gure eguna” pentsatu ohi dugu horrelakoetan, askotan egun horiek igarotzen ari garela edota igaro berri ditugula ohartu gabe. Zoriontasuna, azkenean, orduka lan egiten duen behargina da, eta asteburu honetan gure artean ibili da lanean, ez daukat dudarik, segur aski ondoan genuenean ohartu ez ginen arren.
Maite dut Javi gure artean irribarrez ikustea, kart-etako txapeldun gisa podiumaren gorenera igo eta domina eta txanpain botila jasotzerakoan. Maite dut Astiren autoan sartu eta bidaia kosmikoa hastea, musika lagun, leihoaren kanpoaldeakoa beste mundu bat balitz bezala. Maite dut urtean behin bada ere Mante gure artean dugula sentitzea. Maite ditut Nagorerekin hitz egindakoak, Amaiaren samurtasuna, Aser eta Kattari esandako guztiak, Alazneren sekretuak, Olatxoren irribarrea, eta hemen kabituko ez liratekeen beste asko eta asko. Orrialdeak beharko genituzke, denok, besteengan maite ditugun kontu guztiak idazteko. Ez daukat dudarik.
Orain, ordea, ez daukat denborarik.
Egia da.
Baina maite zaituztedala esan nahi nizuen gaur, ez dakit zergatik.
Pirata Etxeraino eta buelta.
Ilargiraino eta buelta.

Onenak zarete.

Muxuak denontzat.

Gari

9 comentarios:

Anónimo dijo...

Poztekoa, berezia eta xamurra da "astelehen zuriko errealitatean" hitz eta sentimendu hauek azaltzea, Gari.
Benetan poztu, eta betetzen nau, parrandako giroak sortutako hitz-hutsak ez izateak direla ikustea.
maite zaitugulako, maite zaitudalako zuretzak muxu bat. Hitz egin behar degu...

Anónimo dijo...

Ahal dezunian, argazki batzuk jarri, bale?
edo ikusteko elkar gaitezke...

Anónimo dijo...

Aupa Amaia!
Oraintxe itzuli naiz Bilbotik. Hamaika TBren aurkezpena izan dugu. Izango duzue bihar horren berri komunikabideetan. Argazkiak nik atera nituen, baina Astiren argazki kamara zen. Beraz, ahal dugunean sartuko ditugu batzuk hemen bertan. Edo hauetakoren baten afari baten inguruan hauek eta beste asko ikusi. Edota biak.
Laster arte!

Anónimo dijo...

Gari, zuk deitzen duzu udaletxera Edurne Urbietaren galdezka? Nik hartzen dizut telefonoa.

Anónimo dijo...

Bai, Miren, ni ari naiz deika. Ez zaitut ezagutu ere egin!

Anónimo dijo...

Aldatu egin al da blogean idazteko bidea? Komentarioak ez, bestela. I Power Bloger delakoan sartu naiz eta ez dut asmatzen.

Anónimo dijo...

Betikoa da, ezta? I Power Blogger horretan sartu, eta gero... Sing in to Blogger delakoan ematen du erabiltzaile izena eta pasahitza idazteko aukera.
Animo!

Anónimo dijo...

Dedio. Iaia near.

Aio.

Anónimo dijo...

Kamara etxian utzi'et. Biharko argazkiak ekarriko.

Pelaio.